Gaur iluntzean 200 bat herritar batu dira Algortako Telletxe plazan, ezker abertzalearen aurkako azken sarekada salatzeko asmoz. Pankarta zabaldu eta berehala, Ertzaintzaren furgoneta bat Telletxe eta Amesti arteko kale bazterrean sartu da eta bertatik jaitsi dira dozena erdi polizia. Orduan hasi dira ertzainen kontrako oihuak. "Alde hemendik, utzi bakean" eta "Gure eskubideak non daude" bezalako aldarrikapenak entzuten ziren bitartean, plazara gerturatu dira polizia agenteak. Bertan bildutako gizon-emakumeen aurpegiak zehaztasunez hartu nahi izan ditu bideokameraz ertzainetako batek, beste bi agentez lagunduta. Hala ere, herritarretako askok bizkarra ematea erabaki dute. Bitartean, istiluen aurkako materialaz hornitutako bete bi polizia plaza inguruan biribila osatzen zuten lagunen atzetik ibili dira. Kameralariak arreta berezia jarri du pankartari eusten ari ziren herritarrengan. Hala ere, hamar minutu inguru igarota, atzera egin eta furgoneta parean jarri dira ertzainak, elkarretaratzea bukatu artean. Argazkian, ertzainetako bat bideokamera eskuan. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!