Urriaren 19tik 23ra bitartean, Zoramenlan izeneko jolasa jarriko dute
EHUko Leioa eta Erandioko campuseko areto nagusian. Ikasleen artean espiritu ekintzailea, sortzailea eta berritzailea sustatzea du xede ekimenak, unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. Zoramenlan antzerki-jolas modura egituratuta dago, labirinto baten antzera. Bertan, gehienera jota, 16 ikasle arituko dira, bakoitza 45 minutuz. Parte hartzaile bakoitzari erronkei aurre egiteko konponbide ezberdinak emango dizkiotenez, azken 15 edo 20 minutuak ikasle bakoitzaren profil pertsonalizatua egiteko erabiliko dira. "Esperimentu honekin planteatuko diren erronken izaera misteriotsua mantendu nahi da, horrela, azken balorazioak errealistak izango dira, bai norbanakoaren mailan bai bertatik erator daitezkeen ondorio orokorretan", azaldu dute EHUko arduradunek. Zoramenlan 10:00etatik 18:00etara egongo da zabalik. Argazkian, Leioa eta Erandioko campuseko hainbat fakultate.