Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste zortzi militanteren atxiloketak salatzeko hainbat protesta izan ziren atzo Uribe Kostan eta Erandion. Handiena, Algortan burutu zen, Ertzaintzak bertan bildutako 200
auzokideak bideokameraz grabatu zituela. Itzubaltzeta / Romon ere tentsioa nagusitu zen. Bertako auzokideek jakinarazi dutenez, Ertzaintzak istiluen aurkako materiala erabiltzearekin mehatxatu zituen manifestazioan atera ziren 50 bat lagunak, nahiz eta azkenean haien kontra oldartu ez. Aldiz, Leioan erabateko lasaitasunean elkarretaratzea egin zuten 60 bat pertsonek. Goizean,
Gaztesareak zabaldu duenez, 75 ikaslek kontzentrazioa burutu zuten Leioa eta Erandioko campuseko Mikel Laboa plazan. Azkenik, "Gara"k gaur zabaldu duenez, 60 auzokide bildu ziren Erandion atxiloketen aurrean bere protesta azaltzeko. Baina, horiez gain, bihar, ostirala, ere hainbat mobilizazio izango dira: LABek deituta, 9:30ean auto karabana izango da Erandioko kiroldegiko atzeko parkingetik Ipar Uribe osotik, ondoren, 12:30ean, elkarretaratzea egingo dute Telletxe plazan. Plentzian, berriz, 20:00etan Piruli plazatxoan jarri dute hitzordua. Argazkian, campuseko elkarretaratzea / Gaztesarea.