Segik ere biharko deitu ditu mobilizazioak

Segi gazte erakundearen esanetan, "espainiar estatuak gerrara kondenatu gaitu". Horrela baloratu dituzte Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste zortzi militanteren atxiloketak gazte independentistek. "Errezeta zaharrak antzuak" direla gogorarazi eta "borrokaz sakoneko aldaketa politiko eta soziala lortzea" posible dela gaineratu du Segik. Hurrengo egunetan "kaleak astintzeko" deia egin du. Bihar goizean ikastetxeetan eta arratsaldean herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. Gaur eguerdian ere elkarretaratzeak izan dira LAB sindikatuaren Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko egoitzen aurrean. "Gara" egunkariak zabaldu duenez (espainolez), ehunaka izan dira "Errepresioa ez da bidea, eman hitza Euskal Herriari" irakur zitekeen pankarta atzean jarri diren herritarrak. Bitartean, Europa Press albiste agentziak adierazi du (espainolez) atxilotutako ezker abertzaleko hamar kideak bihar, goizeko 10etatik aurrera, eramango dituztela Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera. Argazkian, ertzainak zelatan atzo Algortan egindako elkarretaratzean.

Segiren oharra:

Errepresioaren gainetik euskal gazteria kalera!

Kolore guztietako txakurrek eta epaile faxista espainolek hamaikagarren aldiz, Ezker Abertzalearen aurka jo dute astearte arratsaldean abiaturiko operazio politikoaz. Uda osoan zehar erakutsi bezala, aparatu juridiko, politiko eta polizialak elkarren zerbitzuan jarriz, berriz ere nazio askapen mugimendua jo puntuan ezarri dute.

Hauxe baita negoziazio politikoak apurtuz gero estatu espainolak zein Gasteiz eta Iruñeko sukurtsalek eskaintzen duten bakarra. Gatazkari konponbide demokratikoa ematetik urrun, herri hau ukatuz eta gure eskubideak zapalduz, gerrara kondenatu gaituzte.

Noiz arte jarraitu nahi duzue gerra honekin? Zenbat gehiago luzatzeko prest zaudete gatazka? Horixe baita errepresio zoroak erakusten duen bakarra: atxiloketak, espetxeratzeak, bahiketak... errezeta zaharrak antzuak direla, ez dutela ezer konpontzen, gatazka bizi bizian dagoela sentiarazi baino.

Demokrata eta biolentoen jokoan sartu da PSOEren gobernua: arrazoirik ezean indarrak agintzen du eta Ezker Abertzalearen aurka denak balio du.

Joko horren baitan ulertzen dugu une honetan emaniko eraso hau: urteetako borroka emankorraz, Euskal Herria bidegurutzera ekarri dugu, aldaketaren atarian gaude. Etsaiak badaki ordea Ezker Abertzalea gai dela aldaketa hori herri eskubideetan oinarrituz, independentziaren atea parez pare irekitzeko. Horregatik, iniziatiba politikoa galarazi eta etsipena nagusitu nahi du. Arrazoirik ezean, indarrez ezabatu nahi gaituzte.

Guk argi dugu iluntasunean eta ekaitzaren erdian zutik, duintasunez eta borrokaz posible dela sakoneko aldaketa politiko eta soziala gauzatzea. Herri honen askatasunaren bidean mugarri berriak eraikitzeko unea dela.

Erasoen aurrean herri harresia eraikiz lehenik, kalera atera eta egoera salatuz. Baina ezinbestean independentziaren aldeko indarrak bilduz, geldiezina izango den uholdea sortuz.

Egun hauetan eraso hau salatzeko aho bete hitz dabiltzanei, benetako urratsak emateko garaia heldu zaie.

Baita gazteoi ere, ba baitugu zer esan eta zer egin estatuei erantzun eta egoera hau iraultzeko. Etorkizuna eskuetan hartu eta biharko Euskal Herria eraiki dezagun! Herri, auzo zein ikastetxeetan antolatuz eta borrokatuz, kamiseta gorriak soinean, independentzia aldarrikapen soila baino proiektu erreala baita, egunez egun sortzen ari garena.

Beraz, hurrengo egunetan kaleak astindu eta gazteak independentziara lotzeko unea da, urriaren 16an goizean ikastetxeetan eta arratsaldean herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun