"Uste dute epai honen ondoren herritar gutxiago joango direla presoak bisitatzera? Uste dute kaleetan argazki gutxiago izango direla? Uste dute herriz herriko mobilizazioak bertan behera geldituko direla? Uste dute torturaren salaketak ez direla Nazio Batuetara iritsiko? Uste dute iheslari politikoek ez dutela dauden tokian daudela babesa jasoko? Uste dute Jon Anzaren desagertzearekin ahaztuko direla herritarrak? Uste dute kolore guztietako polizien bortizkeria isilik pasako dela? Ez gaituzte isilduko, ez gaituzte geldituko, ez gaituzte garaituko", adierazi du AAMk.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean:
Ezer baino lehen espetxeratuak dauden eta espetxeratuak izango diren gure lagunei elkartasun osoa bidali nahi diegu gaurko egunez.
Epaiaren inguruan honako balorazioa egiten dugu:
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren lana erabat publikoa izan da, da, eta izango da.
Estatuak errepresiorik basatiena bururaino eramateko bere tresna eta aparatu guztiak aktibatuak ditu une honetan. Ondorioz, errepresioaren aurkako lana zigortzea errepresio estrategiaren logikan baino ezin da ulertu. Estatuak gerra zikina erabiltzen jarraitu nahi duelako zigortzen du gerra zikinaren salaketa, torturatzen jarraitu nahi duelako atxilotzen du torturaren aurkako lana, Guantanamo erraldoia irekita mantendu nahi duelako espetxeratzen dute muturreko espetxe politikaren aurkako militantzia.
Estatuak errepresioaren hautua bururaino eraman nahi duelako ezabatu nahi du Amnistiaren Aldeko Mugimendua. Baina nonbait, ez dira ohartu Amnistiaren Aldeko Mugimendua ez dela hamar, hogei edo ehun lagunek osatzen dute zerbait. Amnistiaren Aldeko Mugimendua errepresioaren aurrean antolatzen den herria da. Eremuz eremu, konpromiso maila oso ezberdinekin errepresioak uzten dituen ondorioei aurre egin eta errepresio egoera gainditzen lan egiten duen herritarren multzoa da Amnistiaren Aldeko Mugimendua.
Uste dute epai honen ondoren herritar gutxiago joango direla presoak bisitatzera? Uste dute kaleetan argazki gutxiago izango direla? Uste dute herriz herriko mobilizazioak bertan behera geldituko direla? Uste dute torturaren salaketak ez direla Nazio Batuetara iritsiko? Uste dute iheslari politikoek ez dutela dauden tokian daudela babesa jasoko? Uste dute Jon Anzaren desagertzearekin ahaztuko direla herritarrak? Uste dute kolore guztietako polizien bortizkeria isilik pasako dela? Ez gaituzte isilduko, ez gaituzte geldituko, ez gaituzte garaituko.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduan antolatuak gauden ehunaka, milaka herritarrok eguneroko lan xumeari loturik jarraituko dugu. Une gogor hauetan, errepresioaren aurkako lana indartzeko deia egiten diegu herritarrei, datozen ordu eta egunetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartuz.