Eskumaldeko LABek deituta, 120 herritar inguruk egin dute elkarretaratzea, gaur eguerdian, Algortako Telletxe plazan. LABeko idazkari nagusi izandako Rafa Diez, aipatu sindikatuko kide Txelui Moreno eta ezker abertzaleko beste zortzi lagunen atxiloketak salatzeaz gain, gaur eta bihar izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. Arratsaldean, herri guztietan izango dira bateratzeak: besteak beste, Algortan, 20:00etan abiatuko da manifestazioa Telletxe plazatik eta Leioan, Boulevard-etik. Plentzian ere ordu horretan jarri dute elkarretaratzea Piruli plazatxoan. Bihar,
nazio manifestaziora joateko autobusak egongo dira Uribe Kostan. Ohiko lekuetan izena eman beharko da. Bitartean, ezker abertzalea, Aralar eta EAz gain,
EAJk ere bat egin du larunbat honetan, 17:00etan, Donostiako Bulebarretik irtengo den manifestazioarekin. Jelkideek zehaztu dutenez, bost lurralde exekutibetako presidenteak izango dira bertan. Atxilotutako lagunei dagokionez, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igaro ondoren, Rufi Etxeberria, Ainara Oiz eta Mañel Serra aske dira,
Info7 irratiak euren senideen ahotik adierazitakoaren arabera. Beste zazpiak espetxeratzeko eskatu du Fiskaltzak,
Europa Pressek zabaldu duenez. Argazkian, LABek Algortan egindako elkarretaratzea.