Madriletik heltzen ari diren informazioak nahasiak dira. Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz ezker abertzaleko kideak ia 16:00ak zirela libre geratu dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, Baltasar Garzon epaileak hala erabakita. Horretan bat datoz behintzat hainbat iturrik. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, Amaia Esnal eta Mañel Serra ere libre geratuko lirateke: "bost eguneko epea eman die epaileak bermea ordaindu dezaten", errepresioaren kontrako mugimenduak aipatu duenez. Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, azken horren aurkako akusazioak atzera botatzea eskatu behar zuen Fiskaltzak; baita Etxeberria eta Oiz fidantzapean askatzea ere. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Amaia Esnal eta Txelui Moreno espetxeratzea eskatu omen du akusazioak, aipatu agentziak dioenez. Sei, zazpi eta zortzi izan, 19:00etan emango du gainontzeko atxilotuen egoeraren berri Garzonek. Argazkian, herritar bat kartelari eusten gaur Algortan egindako elkarretaratzean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!