Gazte independentisten oharra:
Errepresioaren gainetik euskal gazteria kalera!
Jarrai sortu zela 30 urte igaro direla ospatzen dugun honetan, gazteon antolakuntza eta borroka aldarrikatzen dugun honetan, gogor salatu nahi dugu aste honetan ezker abertzalearen aurka emandako erasoa. Behin eta berriro gure herria erasotu eta jipoitzen duten estatuek oraingoan ere errepresioa erabili dute gure aurkako errezeta bakar gisa.
Espainiar estatu faxistak bere makineria errepresibo guztiarekin, epaile eta poliziarekin, herri honen aurkako eraso berri bat burutu du: Euskal Herriarentzako proiektu politiko zehatz baten aurkako erasoa izan da, independentziaren proiektuaren aurkakoa.
Euskal herriak bizi duen bidegurutze garrantzitsu honetan proiektu politiko zehatzak neutralizatzen saiatzen dira, ideia politiko eta sozial zehatzak legez kanporatzen dituzte, antolakunde eta eragile zehatzak erasotzen dituzte eta euskal herritar zehatzak atxilotu, torturatu eta espetxeratu. Independentziaren proiektu eta aldarria da estatu faxistek eta haien kolaboratzaileek neutralizatu eta desagerrarazi nahi dutena.
Gazte independentistok ezinbestean erantzun beharra dugu eraso honen aurrean. Bizi dugun une politikoan ozen aldarrikatu behar dugu sasi demokrazia honetan jaio, hezi eta haziak izan garen belaunaldi berriek ezetz esaten diogula estatu zapaltzaile-ukatzaileen proiektuari eta baietz esaten diogula Euskal Herriaren independentzia ahalbidetuko duen proiektu burujabeari.
Aste honetan jasandako erasoak sortzen duen egoerarekin eta momentu honetan ditugun sentimenduekin ezinezko egiten zaigu 30.urteurrena jai eta aldarrikapen giroan ospatzea. Egoerak horrela baldintzatuta borroka eta antolakuntza aldarrikatzeko izan beharko lukeen eguna erasoei borrokaz eta antolakuntzaz erantzuteko eguna bilakatzen da.
Urriak 17an Leitzan 30.urteurrena jai giroan ospatu asmo genuen belaunaldi guztiei dei egiten diegu egun horretan Donostian izango den manifestaldi nazionalean parte hartzera. Gazte garen, izan zineten eta izango zareten guztien ahotsa eta indarra eraman behar dugu Donostiako eta Euskal Herriko kaleetara. Honenbestez Leitzarako genuen ospakizun eguna bertan behera uzten dugu baina denok Donostian elkartzeko deia luzatzen dizuegu.
Nahiz eta asteburu honetako ospakizuna bertan behera utzi, badugu zer ospatua. Beraz auzo, herri zein ikastetxeetan bildu eta antolatu gaitezen 30.urteurrena ospatzeko eta gure proiektu politikoaren baitan aurrera pausuak ematen jarraitzeko. Izango dugu guztiok batera jai giroan ospatzeko beste aukerarik, bitartean gogor erantzun eta tinko eutsi.
Azkenik deialdi berezi eta zuzen bat egin nahiko genioke egungo euskal gazteri independentistari. Estatuek gure proiektua erasotzen duten bakoitzean altxa gaitezen tinko eta erantzun dezagun gogor, gazteon borrokak emango baitio arnasa eta indarra gure herriari. Aste honetako erasoei herri, auzo zein ikastetxetan tinko, gogor eta harrotasunez erantzuteko deia luzatzen dizuegu.
Lotu independentziara!