Elkartasun oihuen artean preso eraman dute Jagoba Terrones

Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxeratzeko agindua eman eta ordu gutxitara heldu dira kaputxadun poliziak Berangoko seme den Jagoba Terronesen Algortako etxera, 20:45ak aldera. Ezker abertzaleko kideen espetxeratzea salatzeko manifestazioa amaitu berri zegoen eta ez dira gutxi izan Bidebarri kaleraino hurbildu diren herritarrak. Hamar minutu eskasera agertu dira Ertzaintzaren bi furgoneta. Tentsio uneak nagusitu dira orduan. Hala ere, istilurik ez da egon. Hori bai, batutako hamarnaka gizon-emakumeak bideoz grabatu ditu polizia autonomikoak. 21:00ak pasata atera dute Terrones bere etxetik kaputxadun poliziek, autoz espetxerako bidea hartzeko. Auzitegi Nagusiak zortzi urteko espetxealdia ezarri zion berangoztarrari eta gaur bertan berretsi du zigorra Auzitegi Gorenak. Une horretan areagotu dira Terronesen aldeko aldarriak eta "zaintza lanetan" zebiltzan ertzainen kontrako laidoak. "Eusko Gudariak" abestuta egin diote agur Jagoba Terronesi lagun eta senideek. Jagoba Terrones 2001eko urriaren 31n atxilotu zuten eta 2007ko uztailaren 8an kaleratu. Tartean beste epai batek ezarritako bost urteko zigorra bete zuen. Argazkian, agur besarkadak. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun