Negu Gorriak banda mitikoak 2001eko otsailaren 25ean egin bezala, bihar zortzi, urriaren 24an, larunbata, Anoeta herrian emango du azken kontzertua
Neguri Gorriak bertsio-omenaldi musika taldeak. Gorka Chamorro musikariak
bere web orrian zabaldu duen bezala, Bilboko Aste Nagusian 7 Katu gaztetxean jotzeko iaz bildu zen musikari tropelak orain arteko kontzertu jira amaitu eta "despedidea" emango du. Neguri Gorriak 14 hilabetez omendu ostean, Krasis, Amaiur, Feos Pero Majos, Bizkaiko Gaiteroak, Versen, Orkresta, Oliba Gorriak, Izate Faltsua... taldeetan ibilitako musikariek belodromoan beharrean, Anoetako gaztetxean joko dute azken aldiz. Egun horretan, jaialdi handia prestatu dute, gainera. Arratsaldeko 2etatik aurerra, harrera poteoa, bazkaria eta elektropoteoa Orkresta taldearekin izango dira, 21:30ean kontzertua hasiko dela. Bertan, konpainia onean abestuko dute Neguriko okupek, Haritz Sound System, Banda Batxoki eta hainbat lagunekin, alegia. Urriaren 24an azken kontzertura joaterik ez duenak aurreko egunean izango du beste aukera bat. Kasu horretan, Baionako Lauga aretora beharrean, Hendaiara joan beharko du. Edozein modutan, "Hator, hator" abestiarekin bukatuko da ia seguru kontzertua. Argazkian, Neguri Gorrien abeslaria solidario talde batekin oholtza partekatuz, pasa den apirilean ospatutako Txorimalo gaztetxearen III. urteurrenean.