Biharamunean, igandean, Oihulari Klown taldeak "Mamu txikiak" ikuskizuna antzeztuko du 12:30etik aurrera. Lan horrek zenbait munstro klasiko ditu protagonista, kumeak baino ez ziren garaian. Arratsaldean, 20:00etan, Kukubiltxo taldeak, egun arte haurrentzako lanetan jardun dena, "Haritzaren azalera zehatza" ekarriko du Getxora, helduentzako bere lehenengo lana, hain zuzen ere. Horretan, kulturan zehar hastapen-bidaia proposatzen die ikusleei, gazte itsu baten eskutik.
Azken eguna urriaren 24 izango da
Jardunaldiek datorren larunbatean, urriak 24, amaituko dira Teatre Sans Frontieres taldearen "Juana creo la noche" lanaren eskutik. Horretan Joana Eroaren bizipenak kontatzen dira. Joanak ideia oso aurreratuak zituen bere garaian, eta boterearen kontzeptu demokratikoa. Bere gurasoek, Errege Katolikoek, giltzapean sartu zuten, joko politikotik aldentzeko asmotan, buruko gaitza zuen aitzakia jarrita. Istorioa 16 urte preso egon den gelan gertatzen da. Bertan ezezagun bat sartu da herritarren eta Gaztelako komuneroen artean zabaldu diren Joanaren senaren inguruko zurrumurruak baieztatzeko. Hori guztia abiapuntu hartuta, lanak konpromiso politikoari eta desengainuari buruzko gogoeta egiten du.
Jose Martin Elizondo getxotarra da lanaren egilea. 1958. urtean Toulousera joan zen bizitzera eta bertan, Espainiako Antzerki Elkartea konpainia sortu zuen 1959an. Horren bidez, erbestera joan behar zuten egileak ezagutarazi zituen. 1983tik aurrera, taldeak "Theatre sans Frontieres" izena hartu zuen. Sorkuntza artistikoak ekoizteaz gain, "Theatre sans Frontieres" konpainiak, antzerkiaren bidez, gizarteratze lana egiten du kartzela munduan, eta garuneko arazoak eta gizarte arazoak dituzten pertsonekin.