Igande honetan, urriak 18, Berangon egingo dute manifestazioa, Jagoba Terrones eta 33/01 sumarioan zigortutako gainerako herritarrei elkartasuna adierazteko asmoz. Hitzordua 13:00etan jarri dute, Gudarien plazan. Espainiako Auzitegi Gorenak atzo berretsi zituen Auzitegi Nazionalak ezarritako espetxe zigorrak: Terronesi zortzi urteko kartzelaldia jarri diote eta
bart eraman zuten preso. Berangoztarrarekin batera, dagoeneko sei dira baldintzapeko askatasunean zeuden zortzi herritarretatik atxilotutako lagunak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Bitartean, Madrilerako bidea hartu dute jada Joseba Elorriagaren lagun eta senideek, Algortako gaztea Navalcarneroko espetxetik noiz aterako, 10.000 euroko fidantza ordaindu ostean. "Oraindik ez dago zehazterik zein ordutan izango den, baina 22:00-23:00 inguruan izango dela pentsa daiteke", Uribe Kostako AAMk zehaztu duenez. Harrera egingo zaio herrira iristen denean. Argazkian, lagun eta senideak Jagoba Terronesi agur egiten.