Getxophoto Nazioarteko Argazkilarien Jaialdiaren hirugarren edizioa "arrakastaz" bukatu da, eta antolatzaileen iritziz, 60.000 pertsona inguru hurbildu dira irailaren 10etik urriaren 11ra egin diren erakusketa eta jardueretara. Begihandi kolektiboak antolatua, jaialdiak Getxo udalerria erakusleiho gisa hartzea du helburu, eta herritarrek ekimenetan parte hartzea ahalegintzen da. Hala, Portu Zaharreko auzokideak, Algortako azokako merkatariak edo udalerriko taberna, saltoki, txoko, elkarte gastronomiko eta Aixerrota arte erakusketa gelako arduradunak ekintzak garatzeko laguntza eskaini dute, Begihandiko kideen hitzetan. Antolatzaileen aburuz, hirugarren edizio honetan "Getxophotok publiko mailan eta baliabide profesionalean finkatu da". "Publikoak proposamena ulertzen du jada, eta horren adibide izan dira iraun duen hilabete guztian maparekin eskuan argazkilaritzaz gozatu ahal izan duten pertsonak", gaineratu dutenez. Horrela, erakusketa gehienak espazio publikoetan direla kontuan hartuta begiraleen zenbatekoaren datu zehatzak ematea ezinezkoa den arren, antolatzaileen iritziz 60.000 pertsona inguru hurbildu dira erakusketara eta antolaturiko jardueretara. Argazkian, Algortako San Nikolas plazan jarritako irudiak.