Txartel berria txanpon-txartel motakoa izango da: kopuru zehatz bat du eta hortik deskontatu egingo da bidaia bakoitzari Bizkaibusen dagokion tarifa. Prezioak Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztuko ditu. Horretaz gain, Creditrans-ek bezala, Bizkaibusen bi lineen arteko bus-aldaketa egiteko aukera emango du, bidaiaren tarifa osoaren gaineko %20ko deskontua aplikatuz. Azkenik, autobusetan, "balioztatze kateatua" egin daiteke saldo nahikorik eduki ezean; hau da, txartel baten ondoren beste bat erabili, edo falta dena txanponez ordaindu.
Aurrekariak
1997ko ekainaren 11n, bidaiarien garraio publikoan eskumena zuten erakundeek -Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Garraio Partzuergoa- Koordinatzeko Esparru Akordioa sinatu zuten Bizkaiko bidaiarien garraio publikorako sistema osorako txartel bakarra lortzeko. Txartel bakar hori -Creditrans- 2000ko irailean jarri zen martxan Metro Bilbaon, Bilbobusen, Bizkaibusen, Artxandako funikularrean eta Salbeko igogailuan. Geroago, Bizkaiko Zubia, EuskoTran, Etxebarri Bus, Ereagako igogailua, Sopelbus (udan), FEVE eta Larreinetako funikularra sartu ziren. 2008an 91 milioi pertsona baino gehiago izan dira Creditrans txartela erabili dutenak eta 9 milioi txartel baino gehiago saldu dira, foru iturriek emandako datuen arabera.