"Arrakasta handiz" hasi dira ekintza ludikoak Barrikako liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 19a, 17:42

Irakurketaren inguruan, ekintza ludikoak biltzen dituen programa jarri du abian Barrikako udal liburutegiak. Bere helburua da "liburutegiaren garrantzia eta irakurzaletasuna sustatzea", tokiko iturriek zehaztu dutenez. 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta ondokoak uztartzen ditu: txotxongiloak, ipuin kontalariak, tailerrak, irudiak eta abar, beste jarduera batzuen artean. Ipuin kontaketa ostegunean egin zen, urriaren 15ean, eta "arrakasta handia" izan zuen, 15 haur gerturatu baitziren, aipatu dutenez. Denek jaso zuten irakurketarako markatzaile bana opari gisa. Ilustrazio tailerra urriaren 29an egingo da eta, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Bere aldetik, azaroaren 12an egingo da idazketa tailerra 6 eta 12 urte bitartekoentzat. Txiki-zooa berriz, 3 eta 5 urte arteko haurrei zuzenduta dago eta azaroaren 26an jarriko da martxan. Azkenik, abenduaren 10ean, txotxongilo tailerra egingo dute, 6 eta 12 urte arteko umeentzat. Jarduera guztiak arratsaldeko 18:30etik 19:30era izango dira. Parte hartu nahi duten neska-mutilek aurretik izena eman behar dute dagokion ekintzarako, liburutegian edota ondoko telefono zenbakian: 946 775 163. Bestalde, larunbat honetan, urriak 24, "Musika tresnen fabrika" izenburuko antzezlana eskainiko du Soinutek taldeak, eguerdiko 12etatik aurrera, Barrikako liburutegian (Udaletxeko Bidea, 2-Txintxilandia eraikina), Liburutegien Eguna ospatzeko. Argazkian, osteguneko ipuin kontaketa saioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun