Sopelako haur eskola eraikitzeko lanak aurreikusitako denboran, hau da, abenduan bukatuko dira, udal iturrien arabera. Gauzak horrela, izena emateko epea azaroaren 2an zabaldu eta hile bereko 20an itxiko dute. Onartu eta ez onartuen behin behineko zerrenda, berriz, abenduaren 4an publikatuko da eta erreklamazioetarako epea irekiko da ondoren. Behin betiko onartu eta ez onartuen zerrendak abenduaren 16an argitaratuko dituzte. Ikasturtea 2010eko otsailaren 15ean abiatuko da onartutako neska-mutikoentzat. Sopelako haur eskola hartuko duen eraikina Antzar Portu kalean dago, Zaldu sektorean. Solairu bakarra du eta bere azalera osoa 764 metro koadrokoa da, zortzi gelatan banatuta. Horietako lau daude 0 eta 1 urte arteko haurrei zuzenduta eta, beste lauak, 1 eta 2 urte artekoentzat izango dira. Gainera, jolasetarako eremua izango du, komun-jantzitegia, erabilera anitzerako zonaldea, biltegia eta administrazio gunea. Orotara, 0 eta 1 urte arteko 32 haurrentzako eta 1 eta 2 urte arteko 52 neska-mutilentzako tokia izango du zentroak, D hizkuntz eredua izango duela. Argazkian, Sopelako haur eskola obretan.