Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak Getxoko Gorrondatxe hondartza (Azkorri izenaz ezagunagoa) inguruak babes ditzan eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari, apo lasterkariak lurralde bizkaitarrean duen habitat bakarra zaintzeko asmoz. "Bufo calamita" (apo lasterkaria) espeziea Txingudiko badian (Gipuzkoa) bizi da eta arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan “kaltebera” kategorian katalogatu zen. Bizkaian, aldiz, ez du inolako babes-mailarik, katalogoa egin zen garaian ez zen espezie horretako alerik antzeman eta, foru iturriek zehaztu dutenez. Nolanahi ere, Gorrondatxeko duna-sisteman gune isolatu txiki bat aurkitu zenez, espezie hori berreskuratzeko lanak abiarazi zituen Nekazaritza Sailak 2005eko irailean. Ordutik hona Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egindako lanak arrakastatsuak izan dira: hondartzan bertan ugalketarako gune berri bi eratu dira. Azterketa egin zen garai berean, ugalketarako beste gune berri bi eratu ziren Getxoko Udalaren lankidetza zuzenarekin, Gorrondatxen antzemandako populazioak zuen egoera kritikoari aurre egitearren. Argazkian,
Getxoko udal arduradunak apo lasterkaria babesteko neurriak aurkezten, 2008ko martxoan.