Getxoko Udaltzainek gaur goizaldeko 3:45ak aldera Leioako 24 urteko mutil bat atxilotu dute, bere bikotekide ohiari eraso egin diolakoan, genero indarkeria delitua leporatuta. Erasoa Areetako Geltokiko Plazako taxien geltokitik hurbil izan da eta gertatutakoa ikusi duen lekuko batek poliziara deitu du. Udaltzainak bertaratu direnean, bikotekide ohiak aurpegian ukabilkadak eman eta irainak ere bota dizkiola esan die. Horren ostean P.A.M inizialak dituen mutil gaztea atxilotu eta epailearen esku utzi dute. Bestalde, azken boladan horrelako gertaeren aurrean egin bezala, Keltse Eiguren Getxo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak Udalaren gaitzespena eta arbuioa agertu ditu, “eraso fisikoa indarkeria sexistaren era baita eta beraz giza eskubideen urraketa larria, emakumezkoei oinarrizko eskubideak disfrutatzea galarazten diena". Era berean, Eigurenek gogoratu du Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Sailak (944 660 101) aholkularitza juridikoko zerbitzua eta arreta psikologikoa eskaintzen dituela eta Eusko Jaurlaritzako Telefono Arreta Zerbitzura (900 840 111), Udaltzaingora (944 660 202), Ertzaintzara (944 063 420) edo SOS DEIAK larrialdietako zerbitzura, 112 zenbakira ere dei daitekeela. Argazkian, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratze bat.