Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak eta Iñaki Ezkurra erakunde bereko sailburuorde izandakoak, biak Eusko Alkartasuneko kideak, asteazken honetan (urriak 21) deklaratu beharko dute auziperatu gisa, Erandioko Asua auzoan egindako lindano zabortegi "ilegal eta klandestinoaren" auzian, "Deia" egunkariak
atzoko edizio digitalean (espainolez) jakinarazi zuenez. Hurrenez hurren, 9:30ean eta 10:00etan hartuko diete deklarazioa Bilboko 7. instrukzio epaitegian, "aurretik euren eskubideak irakurrita",
Lur Maitea erakunde ekologistak zehaztu duenez. Lur Maiteak aspaldi aurkeztu zuen salaketa: 1394/03 zenbakiko auzian, Euskalduna zabortegian lindano bota izanaz gain, hondakin arriskutsuak Argalariora (Barakaldo) eraman ondoren zabortegiko eremua behar bezala garbitu gabe Prycari saldu eta merkataritza gune handia (egun, Carrefourrena dena) eraikitzen utzi izana ere leporatu zien Eusko Jaurlaritzari, Erandioko Udalari, Ihobe SA ingurumen kudeaketarako enpresa publikoari eta Edificaciones Industriales Asua SA (Edinasa) enpresari. Bizkaiko Ingurumen Fiskaltzak ere bat egin zuen Larrañaga eta Ezkurrari inputatu gisa deklarazioa hartzeko eskaerarekin. Horiei baino lehen, beste zazpi auziperatuei hartu zieten deklarazioa; orain gutxira arte Erandioko alkate izandako Mikel Arieta-Araunabeña tartean zela. Argazkian, Larrañaga / © Eusko Alkartasuna.