Euskal bodyboard zirkuituari dagokionez, olatuak metro erdi eskasekoak izan baziren ere, baldintza onak zirelakoan, larunbatean ekin zioten hirugarren probari, Zumaiako Itzurun hondartzan. Hori bai, aurreikusita baino ordu bi beranduago, olatu hobeagoen zain. Txikiekin hasi zen lehia: sub 16, sub 18, neskak, open B eta dropknee mailak jokatu ziren larunbatean eta iganderako utzi ziren Open A maila goreneko kanporaketak. Azken jardunaldi horretan ere eguzkiaz gozatu zuten, haize leunaz eta olatu handiagoak ere izan zituzten. Hantonek lortu zuen puntuaziorik handiena eta Aritz Larrinaga izan zen bigarren. Sopeloztarrak dira, beraz, oraingoan ere nagusi zirkuituan.
Beste kategoriatan, aipagarria da open B mailan ere txapelduna erabakita gelditu zela, zirkuitua Luis Perezek irabazi duelarik, Zumaian Ion Lopez izan zen onena. Beste horrenbeste dropknee-an, Alex Castañedak irabazi zuen Zumaian eta zirkuitua erabakita utzi. Eider Paredes nagusitu zen emakumezkoetan, eta zirkuitua eskuratu zuen. 16 urtez azpikoan Diego Costas izan zen onena eta zirkuitua Xabier Urrestillak eraman du, eta 18 urtez azpikoan Unai Urangak irabazi zuen Zumaian eta Unai Insaustik zirkuitua.