Boliviari buruzko hitzaldia emango du ostiralean Algortan Amets Arzallusek

Algortako Villamonte kaleko liburutegian abiatu ziren atzo Boliviari buruzko jardunaldiak. Urriaren 30ra bitartean, dantza ikastaroak, argazki erakusketa, sukaldaritza tailer-afaria, bideo proiekzioak, hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira bertan. Ekimena Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuaren "Liburutegiak, topaleku" programaren esparruan kokatzen da, eta helburu nagusi gisa ditu hurrengo biak: hainbat udalerritan ugariak diren etorkin taldeen kulturak barreiatzea eta hauei udalerri bakoitzeko kultura zerbitzuak ezagutaraztea. Algortan, Boliviako kultura izango da jardunaldien ardatza. Izan ere, "etorkin gehien biltzen dituen komunitatea" da boliviarra, tokiko iturrien arabera. Besteak beste, ostiral honetan, urriak 23, "Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak" izenburuko proiekzioa eta hitzaldia izango dira Villamonten, 19:00etatik aurrera, sarrera doan. Txomin Txuekaren irudiei Amets Arzallus bertsolariak jarriko die hitza. Larunbatean, berriz, dantza ikuskizuna eta jantzi erakusketa egongo dira Telletxe plazan, 13:00etatik aurrera, Berdintasuna eta Acsabol elkarteen eskutik. Argazkian, emakume etorkin bat Algortako San Nikolas plazara bidean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun