Muñozek 43 urte ditu eta urriaren 25ean Ertzaintzak atxilotu zueneko 15. urtemugara helduko da. Orduan, Areetako Bizkaiko Zubiko plazan harrapatu zuten, Itzubaltzeta / Romoko Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" eta Algortako Iñigo Otazua Urresti "Oti" eta Angel Figueroa Fernandezekin batera. Gauzak horrela, datorren astean ere beteko dira 15 urte Kitxu eta Oti preso sartu zituztenetik. Anjel Figueroa algortarraren egoera ere ez da oso ezberdina. Azaroaren 12an Langraizko espetxetik atera eta etxera ekarri zutenetik kalean baina oraindik ere "preso" daukatela salatu du hainbatetan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Gaixotasun larria du algortarrak eta kontrol neurri oso zorrotzak ezarri dizkiote. Kartzelan ezarritako hainbat baldintza jarri dizkiote.
Ekintzarik ez
Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, Andoni Muñozi 30 urteko zigorra ezarriz. Handik aurrera, urduliztarrak Carabanchel, Alcala-Meco, El Dueso, Basauri eta Langraiz espetxeak ezagutu ditu, haietako batzuk hainbat bider, gainera. Azken zortzi urteotan Araban izan da. Tartean, atxilotu eta sei hilabetera, udal hauteskundeetara aurkeztu zen, Urdulizko Herri Batasunaren bigarren zerrenda kide gisa. Zinegotzi aukeratu zuten.