Irati Elorrieta: "Liburua"

[© Irati Elorrieta - Berria.info] Digitalizatu daitekeen guztia, digitalizatu egiten da. Formatu kontua da, itzulpen kontua. Baina ez hori soilik. Prozesuaren barnean gaude, mundu fisikotik digitalera egiten ari garen saltoa zertan datzan, zein ondorio dituen ikusi ezinik. Bere ezaugarrietako bat da azkar gertatzen dela. Zuntz optikoen azkartasunak bizi gaitu. Askok uste zuten baino lehenago, gure kultur objektu zaharrenetakoa, liburua, aro digitalera sartzera doa. Aste honetan Amazonek "Kindle" izeneko liburu elektronikoa jarri du salgai Europako merkatuan. Oraingoz ez dut egoera berria irudikatzen baina badakit, Applek iPod-ekin izan duen arrakasta errepikatzen bada, irakurtzeko modu berria berehala integratuko zaigula egunerokotasunean. Argazkian, Irati Elorrieta, ezkerrean, Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak antolatutako hitzaldian / cc-by Egizu.

Eta krisian ez da egongo liburua, baizik eta negozioaren eredua. Hor hitz egiteko asko dago. Egile eskubideak, merkatuaren kontzentrazioa, sasi-monopolioak. Digitalizazioa desafio berria da, baina arazoak ez dira berriak.

Kronikek diotenez, Frankfurteko liburu azokan krisi-gai hauek ez dute lehentasunik izan. Alemaniarrek nahikoa gai izan dute beren literatur sariekin: Herta Muller izeneko bat, Kathrin Schmidt izeneko beste bat. Zer idatzi duten? 14.000 titulu berri argitaratzen dira urtean eta nik beste batzuk izan ditut esku artean. Egunotako idazle saridunen artean, bat bai, Kirmen Uribe, hori bai, ezaguna. Azkeneko Bilbo-Berlin hegaldian irakurtzen bukatu nuen eleberria. Irakurle moduan, irakurketa bakoitzak istorio berriak sortzen dituelako eta, beraz, eleberri hori apur bat nirea ere badelako, poza ematen du sariak. Liburu batekin sortzen den harreman emozionala ezin da digitalizatu.

Irati Elorrieta idazle algortarrak "Berria" egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun