Hilero, urritik maiatzera, Cinema Paradiso zikloaren filmak eskainiko dira lehenengo hamabostaldian, ohi denez jatorrizko azpitituludun bertsioan. Bigarren hamabostaldian, berriz, Zine-Kluba zikloak hartuko du lekukoa. Ziklo horien proiekzioak ostiralero izango dira, 22:00etan. Igandeko Haur Zinemari dagokionez, gaztetxoek igandero gozatu ahal izango dute beren film gustukoenak, bi saiotan: 12:00etan eta 17:00etan. Aurten Getxoko zinema zikloek "eskaintza anitza" izango dute, kultur iturrien arabera. "Horrela, zirkuitu komertzialeko kalitate eta balio artistiko gehieneko filmak eskainiko dira; ekoizpen independenteak eta ohiko zirkuituetatik kanpo dauden film luzeak, berriz, Cinema Paradison eskainiko dira", azaldu dutenez. Azkenik, haur eta gazteentzako filmak Igandeko Haur Zinema zikloan proiektatuko dira, haurrek zinema onenaz asteburuan goza dezaten.
Talentu berriak
Cinema Paradiso eta Zine-Kluba zikloetan ez dira proiekzioak eskainiko soilik. Ohi bezala, zinemari buruzko foruma egongo da filma amaitu ondoren eta, horretan, nahi duten ikusle guztiek parte ahal izango dute. Halaber, azken urteotan egin den legez, Getxoko zinema programazioak talentu berriak bultzatuko dituzte. Hori dela eta, hileroko lehenengo saioan zuzendari gazteen film laburrak eskainiko dira, horien lanak zabaltzeko asmoz.