Feministek emakumeen espazioa izango den Gurespazio dinamika abiatu dute "gaur egun bizi dugun berdintasun faltsuari aurre egiteko asmoz". Ildo horretatik, erakunde eta politikariei leporatu diete berdintasun itxurak egitea, Berdintasun Saila edo Emakumeen Kontseilua bezalakoak direla medio. Aldiz, handik eta gizonezkoak nagusi diren foroetatik urrun, "emakumeok hainbat arlotan protagonismoa behar dugula" adierazi dute Algortako Emakume Gazteon Asanbladako kideek: "horregatik emakumeen artean sortu nahi dugu" Gurespazioa, "ukatzen zaigun protagonismo hori lortzeko era bakarra gure kabuz antolatzea delako".
Gurespazioko lehenengo bilkura emakumeen aurkako indarkeriarekin lotzeko arrazoiak bi dira nagusiki: gaiak duen garrantzia eta azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna jada gertu egotea. Dena den, "aukera sortzen bada beste gai batzuk jorratzeko, horiek ere jorratuko dira" hurrengo Gurespazioko jardunaldietan. Izan ere, "emakume gazteok hausnartzeko eta gure artean kontzientzia zabaltzeko espazio propioa" izango da Gurespazioa, "Algortako emakume gazteok ditugun kezkak, zalantzak eta dena delakoak argitzeko"
Urte t'erdiko ibilbidea
Algortako Emakume Gazteon Asanblada iaz sortu zen, "Algortako jaietan eman zen "eraso sexista bat zela eta. Herriko neska batzuk biltzea erabaki genuen, eraso sexista mota horiei aurre egiteko". Handik aurrera, hainbat ekimen eraman zuten aurrera Algortako emakumeek. Tartean, iazko azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren aurrean "errealitatea desitxuratzea" egotzi zioten Getxoko Udalari. Orduan azaldu zutenez, "udan egondako eraso sexisten aurrean, Algortako emakumeok antolatu eta erantzun genuen" eta atari guztietan idatzia jarri eta Portu Zaharreko jaietarako txilibitua banatu zuten, autodefentsa tresna gisa. Tokiko erakundeak, ordea, "gezurtitzat eta alarmistatzat" jo zituen. Handik eta hilabete batzuetara barkamena eskatu zuen Udalak, feministek arrazoia zutela konturatzean.
Aurtengo Emakumeen Nazioarteko Egunean ere, kalera atera ziren AEGAko neskak. Orduan, haurdunaldia libre eta doan eteteko eskubidearen alde. Garrasi, LAB sindikatua eta Bilgune Feministarekin batera antolatutako manifestazioan, 135 gizon-emakumek parte hartu zuen.