Ertzaintzak lau pertsona -bata adingabekoa- atxilotu zituen atzo goizean Gorlizen, espetxeratze aginduak zituztelakoan. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, "laurek zituzten bete gabeko kondenak eta aurrekari anitzez osatutako polizia fitxak, delitu gehienak ondasunaren aurkako delituen ingurukoak". Botola auzo gorliztarrean atzeman zituen goizeko lehen orduetan Ertzaintzak. Gizonezkoetako bat (39 urte) Basauriko espetxera eraman zuten eta Langraizera 37 eta 39 urteko beste emakumezko bi. 16 urteko adingabea, berriz, aske utzi zuten bere senideen zaintzapean. Era berean, ertzainek 15 urteko beste adingabeko bat ere topatu zuten atxilotuekin batera. Joan den irailaren 15etik Portugaleteko babes zentro batetik desagertua omen zegoen gazte hau. Dagoeneko bere legezko tutoreen esku jarri dute.