Leioako Udalak eta
Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten irailean. Horrela, ezin modu hobeagoan, ospatu izan dute erakunde biek euskararen ikerketa eta zaintza helburutzat duen elkartearen
90. urteurrena. Leioako Udalak eta Euskaltzaindiak aurrera eramango duten lankidetza horren lehenengo ekintza toponimiari buruzko lan bat gauzatzea izango da. Bada denbora tokiko erakundeak Leioako toponimia berreskuratu eta normalizatzeko asmoz beka eman zuela eta horren barruan egindako lana hurrengo pausu baten zain dago gaur egun, udal iturriek azaldu dutenez. "Hitzarmenari esker, toponimiari buruzko lana borobildu ahal izango da. Besteak beste, egindako azterketa eta bere emaitzak formatu desberdinetan plazaratzea da", gaineratu dute. Gauzak horrela, liburuxka argitaratzea litzateke lehenengo pausua. Ondoren, baliteke liburu osoago edota CD batean biltzea lortutako izen eta datu guztiak. Besteak beste,
Eusko Ikaskuntzarekin eta
Aranzadi zientzia elkartearekin sinatu izan ditu hitzarmenak Leioako Udalak. Argazkian, neska-mutikoak Leioako San Bartolome baseliza ondoan abesten, Agate Deuna bezperan.