Getxoko Udalak 15.000 euro inbertituko ditu aurten udalerriko euskaltegiei laguntzak ematen. Izan ere, "euskara gaitasuna handitzea helburu duten jardueretarako" diru-laguntzak emateko deialdia kaleratu berri du Udalak. Bi motako euskaltegiek jasoko dituzte aipatutako laguntzak. Alde batetik, 16 urtetik gorako ikasleei euskara klaseak ematen dizkieten eta HABEk homologatuta dauden euskaltegiak. Beste aldetik, 16 urtetik beherako ume-euskaltegiak. Batzuek zein besteek eskaerak aurkezteko epea urriaren 31ra arte izango dute zabalik. Tokiko iturriek adierazi dutenez, getxoztarren euskara gaitasuna handitzea Euskara Biziberritzeko II.Planaren barruan Udalak duen helburuetako bat da. “Horregatik diru-laguntzen arrazoia, zeregin horretan euskaltegiak lan garrantzitsua egiten ari baitira” aipatu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak (argazkian).