Derion estreinatuko du antzezlan berria bihar Fernando Ansoleaga berangoztarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 23a, 19:05

Derio Bizkaiko Batzar Nagusietan sartu zenetik 320 urte bete direla ospatzeko, larunbatean antzeztuko duten ikuskizunaren arduradun artistikoa berangoztarra dugu: Jesusen Pasio Biziaren arduradun Fernando Ansoleaga. Lander Aiarza alkate derioztarrak ere parte hartuko du ehun auzokide inguru prestatzen dabiltzan antzerki eta ikus-entzunezko muntaketan, udal berangoztarreko iturriek zehaztu dutenez. Derioko kiroldegian taularatuko dute, bihar, 20:00etan eta 22:00etan. Anabel Landa Berangoko alkatea ere bertan izango da, lurraldeko beste hainbat agintarirekin batera. Obrarako, hiru eszenatoki -16x2 metrokoa handiena- eta pantaila erraldoi bi jarriko dituzte. Azken horietan, Ansoleagak berak "garai horretako jantziak erabilita, oso kolorista eta errealistatzat" jo duen ikuskizunaren xehetasunak jarraitu ahal izango dituzte ikusleek. Argazkian, Berangoko Jesusen Pasio Biziaren arduraduna ere bada Fernando Ansoleaga.

"Neolitikotik 1688an Bizkaiko Batzar Nagusietan sartu zen arte, Derioko paisaia eta bizimoduek izandako eboluzioaren berri emango du aitzinsolasak", azaldu du Fernando Ansoleagak. Hitzaurrean adin guztiei ulerterraza suertatuko zaien zinema hizkuntza erabiliko dute, publikoak lehen eskutik ezagut dezan udalerriaren iragana.

Ondoren, denboran gertuago dagoen aroa irudikatuko dute, asmatutako Martin derioztarra protagonista dela. Derio Bizkaiko Batzar Nagusietan sartzearen beharra defendatuko du horrek, herritarrak orduan jauntxo baten menpe bizi zirelako. "Vargasko markesari ordaindu behar zizkioten hamarrenak eta primiziak. Trukean, auzotarren arteko auzietan esku hartzeaz, eliza zaintzeaz, bideak konpontzeaz edota apaizaren mantenuaz arduratu behar zuen horrek. Baina, Vargasko markesak ez zuen ezertxo ere egiten. Hortik herritarrek bestelako bideak bilatzea", zehaztu du arduradun artistikoak.

Batzar Nagietan sartzeak herritarrak ordezkatuko zituen alkatea edo Bizkaiko Jaurgotik bideak konpondu ahal izateko dirua jasotzea ahalbidetzen zuen. Ordainean, baserri bakoitzeko pertsona bat bidali behar zuten miliziara, baldin eta jaurgoa defendatu behar bazen.

Elizate gehienek alde bozkatuz onartu zuten Batzar Nagusietan Derio. Hala ere, Bilbo, Balmaseda eta Durango bezalako hainbat hiribildu zein udalerrik kontrako botoa eman zuten. Asua erreka nabigagarria zela, kokapen estrategiko bikaina zuen Deriok; Gaztelarekin zuzeneko merkataritza bideak izateko adina. "Aurka bozkatu zuten hirien lehiakidea zen Derio", Ansoleagak azaldu duenez.

Ibilbide luzeko gizona

Historia alde batera utzita, ez da ausazkoa arduradun artistiko eta tekniko lanak egiteko Ansoleaga aukeratu izana. Horrelako zereginetan esperientzia handiko gizona da: aditua da arte dramatikoan ezagutzarik gabeko lagunak zuzentzen.

Badira 32 urte Jesusen Pasio Bizia ikuskizun kultural eta erlijioso handiarekin hasi zela. Urtero, 150 aktorek parte hartzen dute Ostiral Santuko antzezkizun horretan, Berangon. Aste Santuan, Bizkaian gauez egiten den muntaketa bakarra ere bada. Beste askoren artean, jantzi bikainek, egundoko eszenatokiek eta argi eta soinu efektuek ematen dioten xarmagatik nabarmentzen da Berangoko Jesusen Pasio Bizia.

Hala ere, Derion, gertutik ezagutzen dute Ansoleagaren jarduna. Sutondoan bertoko etxeko andreen elkartearen antzerki taldearen zuzendaria da berangoztarra. Birritan antzeztu dituzte euskal ezkontzak, horietatik lehenengoa duela zortzi urte. Sopelako Itzartu emakumeen elkartearen antzerki taldearen zuzendaria ere bada Ansoleaga, orain dela 20 urtetik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun