Jose Martin Elizondok (Getxo, 1922-Toulouse, 2009) 36ko Gerra zela eta erbestera joan behar izan zuen baina, berehala bueltatu zuten alde frankistara. Bere bizitza berregiten saiatu zen, Mexikon 1939an erbesteratu zen bere aita, Errepublikaren aldeko soldadua, beti gogoan zuela, berriro ere ez zuen ikusiko eta. 1947. urtean muga zeharkatu zuen Frantziara eta Parisen antzerki antzerkirako bokazioa aurkitu zuen. Toulousen bizitzera joan zen eta bertan Amigos del Teatro Español (ATE) delako elkartea sortu zuen. Horren bidez Frankismoak debekatu edo zentsuratu zituen egile eta antzerki-taldeak gonbidatzen zituen Frantziara. Aldi berean, antzerkigile jarduera hasi egin zuen garai horretan.
50 bat lan idatzi zituen Elizondok, eta horietako 17 dagoeneko antzeztu dira. Jarduera luze horretan ATE elkarterako 80 lan zuzendu zituen. Elkarte horren baitan Theatre Sans Frontieres antzerki-taldea sortu zen. Bere testuez baliatuta, egile getxotarrak politikarekiko eta kulturarekiko konpromisoa erakutsi zuen eta frankismoaren biktimak defendatu eta gogoratu zituen. Bere lan ospetsuenen artean honako hauek aipatu behar dira: "Memoria de los pozos" (Sitgeseko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren Santiago Rusiñol saria), "Dalilah y Dalilah", "Las hilanderas" eta "Antigona entre muros".
Antzerki oldarkorra
Hamaika Bide elkarteak bultzatuta, "Jose Martin Elizondo: Teatro combatiente" liburuan idazle eta zuzendari getxoztarraren bizitza eta lana jorratu dira eta bere jarduera garatu zuen gizarte eta ideologia testuingurua aztertu da. Era berean, honako alderdi hauek aztertu dira: egilearen antzerki lana, antzerkiaren kontzeptu abangoardista eta antzerki molde berrien bilaketa, agertokitik bultzatutako borroka eta konpromiso politikoa ardatz nagusia zela.