Horren aurrean, soka gainean mantentzen lagunduko dioten trikimailuak bilatzen ditu funanbuluak. Amuriza izan zen eskutan orekari laguntzeko barra batekin atera zen lehenengoa. Eta ordutik egun "andamiajea" esaten diogun errima bidezko arneseraino heldu dira batzuk. Aurretik pentsatua abesteko ezin aproposagoak diren definitu gabeko gaien laguntzarekin, noski. Konturatu barik, bat-bateko sorkuntzan zenbat eta burua gogoratzera gehiago bideratu, hainbat eta urrunago dagoela geure burua harritzeko aukera. Ez, akaso, epaile eta entzuleak harritzeko modua. Baina antzerkian bezala, beste noizbait geure burua harritu zuen zerbaiten bidez.
Kuriosoa da zelan ziurtasun ezak eragindako memoria teknikak gehien erabiltzen dituztenak diren, hain zuzen ere, ziurtasun sentsazio handiena transmititzen dutenak. Baina guztiz logikoa da, era berean, euren buruari beste ezer transmititzeko baimena ukatu baitiote.
Fredi Paya bertsolari algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
[