Orain arte jokatutako final laurdenetan sorpresak izan ditugu eta nork daki Laudion zer gerta daitekeen. Lamuza Granja kiroldegian 1100 lagunentzako lekua egokituko da eta momentuz 550 sarrera saldu dira. Kiroldegiko leihatilan jarriko dira salgai arratsaldeko 16:00etatik aurrera: sarrera arruntak 9 euro balioko ditu, baina bazkideek 6 eurotan eta 16 urtera artekoek 4 eurotan eskuratu ahal izango dute. Kiroldegiko ateak 16:30ean irekiko dira. Sarrera internet bidez erosten duenak etxean inprimatuta eraman beharko du Laudiora. Azken saioan izan ziren leku arazoak ikusita, bertsozalearen erosotasunerako eta antolatzaileen erraztasunerako saio guztietarako sarrera-bonoa daukatenei zein internet bidez sarrera erosita saiora doazenei, garaiz joateko eskatu diete antolatzaileek.
Kontuak kontu, Fredi animatzera joaterik ez dutenek ere zuzenean jarraitu ahal izango dute kanporaketa. Internetez, bertsoa.com-en eta bertsoplaza.tv-en bideoak eta Info7.com-en audioak izango dituzte horretarako. Irratiz, berriz, Info7 irratiak FMko 103.2 frekuentzian zabalduko du ekitaldia 17:00etatik aurrera eta berarekin konexioa egingo du Koska irratiak FMko 108.0n.