Barrikako Meñakoz hondartza inguruan, Zabaletxeko aztarnategiko prospekzio geofisikoa osatzeko lanak aurreko asteburuan egin ziren, urriaren 23tik 25a bitartean. Lan horietan aritu ziren Mikel Agirre arkeologoa, Francisco Garcia
Valentziako Unibertsitate Politeknikoko irakaslea eta Arantza Aranburu
Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Aztarnategi hareatsua da eta balio handikoa gainera, Agirrek azaldu zuenez: “hareatza hori Pleistozeno garaiko pilaketa da, ehun mila urte izan ditzaketen metaketekin. Antzinatasun hori dela-eta, informazio garrantzitsua eman dezake klima, tenperatura eta landarediari buruz. Halaber, lore-hauts fosila izan dezake”. Gainera, gizakien aztarnak ere aurki daitezke bertan. Aberastasun paleontologiko handia duen ingurua da, sukarri aztarnategi ugari baitaude. Harri horrekin egiten ziren era guztietako lanabesak. Indusketa lanak hurrengo azaroaren 2an hasiko dira eta hile osoan zehar garatuko dira, azaroaren 30a arte. Argazkian, asteburuan egindako prospekzio lanak.