Udagoieneko Osterak Kerobia ekarriko du Areetara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 26a, 18:45

Urtero-urtero Bizkaiko antzoki handietara euskarazko kultur produkzioa hurbiltzen duen Udagoieneko Ostera kultur zirkuituak bere hamargarren ekitaldiari ekingo dio ostiral honetan, urriak 30. Zirkuitua Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz. Zortzi emanaldik osatuko dute hamargarren Udagoieneko Ostera, Bizkaiko beste horrenbeste herritan, tartean Getxo udalerria ere badagoela. Horrenbestez, azaroaren 28an, larunbata, Kerobia taldeak disko berria aurkeztuko du Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Kontzertua 22:00etatik aurrera izango da, 8 euroren truke. "Papera eta kartoia" Iruñeko taldeak aurkezten duen trilogiaren bigarren alea da. "Materia organikoa eta gainerakoak" argitaratu ondoren, lan berri hori gogoeta eta konposizioan eszenatoki berrien bilaketan oinarritzen da. Taldeak eskaintzen duen emaitza "Rose Escargot" eta trilogiaren lehenengo zatiaren arteko oreka bat da, beste behin ere joera berrituak uztartuz. Testuak, Kerobiaren lanetan ohikoa den bezala, berebiziko pisua mantentzen du kantuen barruan, hari lotzaile papera hartuz. Argazkian, Kerobia laukote nafarra.

Oso herri ezberdinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimenak erakutsi nahi du guztietan ere egin daitekeela euskarazko kultur eskaintza erakargarria. Azken finean, aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskaini nahi du Udagoieneko Osterak, eta hori lortzeko, derrigorra da kalitateko eskaintza erakargarria egitea. “Euskararen erabileran eragiteko, funtsezkoa da hizkuntza gozamenarekin, lotzea, eta horretarako oso eraginkorrak dira Ostera bezalako zirkuituak”, azaldu du Jasone Mendizabal Topagunearen zuzendariak, gaurko aurkezpenean. “Topagunearen kide diren herrietako euskara elkarteen kultur jardueraren ezaugarri nagusiak; parte hartzea, jarraikortasuna, sormena eta auzolana badira ere, Udagoieneko Ostera bezalako punta-puntako kultur ikuskizunen eskaintza hau, osagarria da guztiz, urtean zehar horiek egiten dutenarekin”, gehitu du Mendizabalek.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok Osteraren programazioaren izaera askotarikoa azpimarratu du: “Hamar urte hauetan, Udagoieneko Osterak argi utzi du euskaraz badela gustu eta estilo guztietako publikoa asetzeko moduko kultur eskaintza, eta hori erakustea oso garrantzitsua da”.

Lau disko berriren aurkezpenak

Manuel Moreno Topagunearen Kulturgintza Saileko teknikariak, berriz, zirkuituak artistentzat duen balioan jarri du azentua: “haien lanak erakusteko primerako aukera da Udagoieneko Ostera”. Guztira, hamabi musika eta antzerki talde jarriko ditu dantzan kultur zirkuituak, 50 artista baino gehiago: Lor eta Eraso rock taldeak, Mirande Kabareta, Anari, Mursego, Sorkun, Keu Agirretxea, Kerobia, Komeriaren Klubeko sei aktoreak, DJ Oleaktiff, Ruper Ordorika eta Ken Zazpi izango dira taula gainean. BBK Fundazioko Gorka Martinezen esanetan “guretzat plazer handia da eszenatokian, eta eszenatokitik kanpo ere, horrenbeste jende mugitzen duen ekimen batean gure ekarpen xumea egin ahal izatea”.

Aurtengo programazioan lau disko berriren aurkezpenak izango direla azpimarratu da: Ruper Ordorikak “Haizea Garizumakoa” disko berria aurkeztuko du Zallako Zine Antzokian; Kerobiak “Papera eta kartoia” aurkezten jarraitzen du eta Areetara ekarriko du oraingoan bere musika eskaintza; Anariren “Irla izan” lana ezagutzeko parada Bilboko Kafe Antzokian izango da, eta; azkenik, Elorrioko Lor hirukoteak “Rock Terapia” eramango du Zornotzara, Eraso! Taldearen aurre-estreinaldiarekin batera. Aipatzekoa da halaber, “Ken Zazpi Urte” biraren Santurtziko emanaldia.

Ikusi "Papera eta Kartoia" diskoko "Nondik irtetzen da barrura" abestiaren bideoklipa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun