Hogeita bi gidari atxilotu dituzte alkoholemiagatik asteburuan EAEko errepideetan: sei Bizkaian, hamabost Gipuzkoan eta bat Araban, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zehaztutakoaren arabera. Atxilotuetako bost zirkulazio istripuetan nahasita egon dira; ezbeharrak Mallabian, Donostian, Iruran, Errenterian eta Hernanin jazo dira. Bizkaian, larunbatean, pertsona bat atxilotu zuten Bilbon, semaforo bat gorri zegoela pasatu ostean. Mallabian beste gidari bat atxilotu zuten, Trabakua mendatean istripua izan ostean; ezbehar horretan, bi autok aurrez aurre jo zuten elkar eta, ondorioz, gidarietako bat zauritu zen. Horrez gain, A-8an (Barakaldon) ibilgailu bat geldiarazi eta gidaria atxilotu zuten, herritar batek salatu baitzuen pertsona bat edaten eta gorputz erdia autotik ateratzen ari zela gidatzen zihoan bitartean, polizia iturriek diotenez. Igandean, berriz, pertsona bat atxilotu zuten Erandion egindako alkoholemia kontrol batean, eta beste bi pertsona atxilotu zituzten Sestaon eta Barakaldon, ausarkeriaz gidatzea egotzita. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak urriaren 19an abiatu zuen ibilgailuen abiadura kontrolatzeko
hamabost eguneko kanpaina. Argazkian, Ertzaintzaren trafiko kontrola.