Inausketa hondarrak batuko dituzte Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 26a, 14:31

Azaroaren 2tik aurrera, material begetala gaika biltzeko zerbitzua berria eskainiko du Barrikako Udalak. Horretarako, herrian zehar, bilketa puntu ezberdinak egokituko dira. Material begetala, lorategi eta lur sailetako zuhaitz, zuhaixka eta horrelakoen inausketatik etorri beharko du, edota hondakin begetalak, belarrak eta horrelakoak izan beharko dute, udal iturriek zehaztu dutenez. "Hondakin horiek orain arte ez ziren tratatzen, eta udal zabortegietan edo ezkutuko zabortegietan (Udalaren kontroletik kanpoko lekuetan) uzten ziren, edo bestela, materia organikoaren edukiontzietara botatzen ziren zuzen zuzenean", azaldu dute tokiko arduradunek. Bestalde, “Barrika auzoz auzo” proiektuaren bidez, Barrikan botatzen den benetako bolumena aztertu eta ebaluatu nahi dute. Zerbitzua erabiliko duten auzokideen kopurua ere kontabilizatu gura dute, baita hilabetean zenbateko materia organikoa tratatzen den ere. Astean behin, astelehenetan, jasoko dira hondakinok, gehienak asteburuan sortzen baitira. Kamioi bat bilketa-lekuz bilketa-leku joango da hondakinak batzen. Proiektu hau pilotua denez, bilketa zerbitzuak urtebeteko iraupena izango du. Argazkian, lagun bat inausketa lanetan / cc-by-nc Abla.

Barrikako hainbat lekutan jasoko dira hondakinok (inausketa hondarrak...). Leku horiek mugarrituta egongo dira, eta “Barrika auzoz auzo” proiektuaren informazio horma-irudiak izango dituzte. Zerbitzu honen ezaugarriak (frekuentzia, bilketa-puntuak eta egunak), zerbitzuaren garapenaren arabera alda daitezke, udal arduradunek zehaztu dutenez. Bestalde, astelehenetan, bilketa kamioiaren ondoan, birringailu bat izango da. Horren bidez, xehe xehe eginda utziko dira adarrak. Horrela, bere etxean konposta egiten duen edozeinek aukera izango du leku horretan bere lur saileko adarrak birrintzeko eta bere konposgailura eramateko.

Bilketa tokiak:

- San Telmo-Larretxe: Kantarranas ondoan .
- Jonakone-Garramune-Abaroa: frontoi aurrean.
- Artepeta-Mendieta: erresidentziaren sarrera parean.
- Kurtzio-Abadenesolo: aterpean.
- Goierri-Amezaga-Itsasalde: Itsasalde atzeko parkingean.
- Arriaga: Goierri eta Arriaga arteko bidegurutzean.
- Musurieta: bidegurutzean.
- Zabaletxe: parkingeko errotonda alboan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun