Urdulizerako bidea hartu du berriro Gernikako Azokako barazkien sariak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 26a, 19:42
Iaz bezala, Adela Andikoetxea Urdulizko baserritarrak barazkien saria irabazi egin du gaur, urriko azken astelehenean ospatu den Gernikako azokan. Aurten ia 300 saltoki izan dira bertan. Udaltzaingoaren arabera, 105.000 lagun batu dira azokan, "Busturialdeko Hitza"-k zabaldu duenez. Urtero legez, hainbat lehiaketa egin dira: esan bezala, barazkiena Adelia Andikoetxea urduliztarrak irabazi du, frutena Gatikako Jose Etxeberriak, eztiarena Barakaldoko Igor Merinok, brezo eztiarena Kortezubiko Javier Larrinagak, txakoli beltzarena Bakioko Zabalak eta Idiazabalgo gaztarena Elgoibarko Mausitxa baserriak, besteak beste. Calzada egoitzaren aldeko enkantean, berriz, gazta erdiagatik bost mila euro ordaindu ditu Bilboko Porrue jatetxeak, inoizko kopururik altuena. Argazkian, barazkien postu bat Algortako San Lorentzo azokan, Andikoetxearentzat lehenengo azoka izan dena.
Adela Andikoetxeak maiz irabazi du barazkien saria. Gernikan zein beste leku askotan ere. Izan ere, "Bizkaiko ortuen erregina" dela behin baino gehiago esan diote. Guztira 400 sari baino gehiago bildu ditu azken 25 urteotan. Bezero fidelak ere baditu, azokaz azoka bere produktuen bila doazenak. Andikoetxean 1981ean hasi zen nekazaritzan era profesionalean, bere aita hil ostean amak hiru alaben artean lurrak banatu zituenean. Orduan, behar egiten zuen Sopelako lantegia laga eta egun osoko jarduna lurrari eskaini zion, famatua egin duten tomate erraldoiak edota kolore guztietako piperminak, piperrak edo berenjenak eskuratzeko.

Urte batzuk pasatu arte ez zitzaion bururatu azoketara joateko, Algortako San Lorentzokoan probatu zuenera arte. 20 metro koadroko ortuarekin hasi eta egun 1.000 bat metro koadro lan egiten ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun