Bidegorri zabal horrekin leioaztarrek natura eta ibilbide polita izango dute eskura, kirola egiteko edota ibilaldi lasai batez gozatzeko. Bide berezi horren helburua herriko parkeak lotzea da, hauen artean garrantzizkoak izanik, adibidez, 60.000 metro koadro azalera duen Pinosolokoak edota 200.000 metro koadroko Artatzakoak. Leioako Udalak egun esku artean duen proiektu baten barruan kokatzen da bidegorrien luzapena, aipatu dutenez. Tokiko arduradunen hitzetan, "Udalaren helburua txirrinduentzako bidea handitzea da batik bat, herriko hainbat gune ezberdin lotuz". Sare erraldoi hori Leioako metro geltokian hasten da, eta Sabino Arana kaletik (Udondoko Bulebarrean eginik dagoen zatiarekin), Elexalde parkeko bidegorriarekin lotuko da. Puntu horretatik aurrera hiru aukera daude, EHUren Leioa eta Erandioko campusera abiatu, Getxoko mugara arte joan edo Basaez auzora heldu.
Ariketa guneak
Bidegorriaren parean, Udalak hainbat gune jarri ditu, ariketa fisikoa egin ahal izateko. Bereziki, nagusientzat daude zuzenduta bereziki aparatuok, baina edozein herritar erabil ditzake. Zehazki hiru zonaldeetan egongo dira: Elexalde eta Pinosolo parkeetan, eta hirugarrena Udondoko bulebarrean jarriko dute laster. Azken aldaketa horiekin bidegorriak sustatzea bilatzen da, mugikortasun jasangarria bultzatu eta nagusien aisialdiarentzat eskariei aurre egitea. Emandako azken pausu horrek 55.200 euroko kostua izan du, hauetatik 35.871 euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu.