Izan ere, Joseba Markaidaren aburuz, ETArekin ez da egongo ez elkarrizketarik ezta negoziaziorik ere: "elkarrizketa haria ezabatuta dago oinarrizko arrazoiengatik: bandaren zuzendaritza ez da elkarrizketaren aldekoa eta Estatuaren aldetik ez dago zer negoziatzerik, erruki hutsa ez bada".
Zaituren datuen arabera, 60.000 pertsona bizi dira ETAk jazarrita edo erbestean. Arartekoak, bere aldiz, 43.000 lagun direla dio eta Mikel Buesak Ermuako Foroarentzat 2007an egindako zenbaketan erbesteratuak 383.700 zirela bota zuen lasai asko.
Markaidak molotov koktelez egindako hainbat eraso bizi du Azkorriko etxean. 2001ean, bere emazteak eta seme batek erredurak jaso zituzten sua itzaltzean. 2002ko irailean, Markaidaren kontrako heriotza-mehatxuak zituzten pintadak salatu zituen PSE-EEk. 2005ean, berriz, botatako sei molotov koktelek kalte arinak eragin zituzten etxeko fatxadan. Azkenik, 2007an, Uribe Kostako hamaika gazteren aurkako sarekada argudiatzeko autoan, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak lau haizetara zabaldu zuen Markaidaren etxearen aurkako eraso "saiakera" bat zapuztu zuela Poliziak.