"Checkpoint Rock" filma eskainiko dute bihar campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 27a, 22:06

Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendutako "Checkpoint Rock, kantak Palestinatik" filma bihar, asteazkena, izango da Leioa eta Erandioko campusean. Goizeko 12etan hasiko da emanaldia, areto nagusian eta sarrera doakoa izango da. 72 minututan, kontrolgune batetik bestera jauzi eginez, Palestinako hainbat musikarirekin egingo dute topo Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak. Muguruzak adierazi dutenez, pelikularen bidez Palestinako musikak eta, oro har, kulturak jasaten duen "iluntasuna" salatu nahi izan dute, Gazan, Zisjordanian, Tel Aviven eta errefuxiatu esparruetan aritzen diren musikari eta sortzaileak argitara ateratzeko asmoz. Lan hori egiteko oztopo ugari gainditu behar izan zituzten bidean, Israelgo soldaduen kontrol zorrotzak, besteak beste. Dokumentala Palestinan grabatu zuten iazko irailean eta ondoren Euskal Herrian ekoiztu dute. Donostiako Giza Eskubideen VII. Zinemaldiaren amaiera ekitaldian estreinatu zen lehenengoz. Ondoren, urriaren 16an heldu zen Hego Euskal Herriko hiriburuetako zinema komertzialetara, baina bihar izango da eskualdean ikusteko lehen aukera.

"Checkpoint Rock, kantak Palestinatik" filmaren aurrerakina:



Zuzendariaren hitzak:

Fermin Muguruza izena dut, eta Euskal Herriko musikari bat naiz. 2002ko Aste Santuan Palestinara joan nintzen bidaian europar ordezkaritza batekin palestinarren eskubideak errebindikatzera eta haiekin batera lurraren eguna ospatzera.

99 Posse-ko Sound System italiarrarekin lankidetzan, Jerusalemgo bi topaketatan musikari palestinar eta israeldarrekin parte hartzea zen asmoa.

Hara iritsi ginenean bonba bat bota berri zuten Tel Aviven. Pertsona ugari hil ziren eta horren aurrean israeldar armadaren erreakzioa hauxe izan zen, orduko lehendakaria, Arafat, Ramallaheko Mukata-n (Lehendakaritza Jauregian) setiatzea.

Urgentziazko batzar bat egin ondoren, fakzio politiko palestinar guztiek Ramallahera joateko eskatu ziguten, eta euren lehendakariaren bizitza salbatzeko giza babes gisa jarduteko.

Ordezkaritzako 500 kideetatik, 40 pertsonak lortu genuen Ramallahen sartzea, setiatuta zegoelarik eta kalera irten ezin zelarik. Egun haietan bizi eta sentitutakoa gogoratze hutsarekin hotzikara ematen dit oraindik. Baina zera lortu genuen, jende talde txiki bat Mutakan sartzea eta ondoren “Ramallaheko bataila” deitu izan zitzaion horretan egotea. Izan ere, oihartzuna izan genuen nazioarteko prentsan eta berehalakoa zirudiena gerarazi ahal izan genuen.

Harrezkero, beti pentsatu izan dut garai hartan gerrak musikaren bidez espresatu ahal izateko aukera zapuztu bazigun, noizbait esku hartu behar nuela, musikari naizen aldetik, lur horrek bizi duen eguneroko draman Joan den urtean, Ángel Katarain soinu teknikariak "Cruzando el puente" (2006) dokumentala ikusteko gomendatu zidan, Fatih Akin zuzendariarena, eta hurrengo egunean Anari abeslariak deitu zidan esanez dokumental hori huts egin gabe ikusi behar nuela.

Arrazoi zuten. Dokumental hark zeharo hunkitu ninduen. Alexander Hacke musikaria Istanbulgo hiri zoragarri horretan barrena zebilen musika iturrien, eraginen eta ikuspegi desberdinen bila. Handik gutxira azkeneko erasoaldia hasi zen Libanon. Orduan, nire lagun Antón Reixa musikari eta zine produktoreari deitu nion. Zerbait egin behar genuela aipatu nion burua berotuta, eta zubia zeharkatu, kasu honetan checkpoint-ak, eta Palestinako soinuak jaso eta munduari erakutsi behar genizkiola. Nire teknikari Ángel Katarainek ordenadore bat zuela komentatu nion musikariak zuzenean erregistratzen dituena, eta era horretan komunikaziorako zubi berriak eraiki ahal izango genituzkeela, isilune izugarri handi hori etenarazteko.

Hasiera hasieratik gogo biziz hartu genuen ideia hori, baina beste pertsona baten beharrean geunden, proiektua aurrera ateratzeko tenorea erakutsiko zuena: "La espalda del mundo" (2000) eta "La guerrilla de la memoria" (2002) dokumentalen zuzendaria, Javier Corcuera alegia. Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Batzorde Zibilean ezagutu nuen, 1998an Chiapasen izan zena, eta harrezkero hainbat eta hainbat aldiz topatu izan dugu elkar, beste mundu bat posible delako ideiarekin zerikusia duten ekitaldietan beti.

"Paradise Now" (2005) pelikulak lurralde okupatuetako pobrezia eta etsipenaren eta Tel Aviveko oparotasun eta handitasunaren artean dagoen izugarrizko kontrastea erakusten digu bertan egindako ibilbidearen amaieran. Guk alderantziz egingo dugu bidaia. Hiriburuko publizitate iragarki eta neoietatik abiatuko gara Israelen bertan dauden arabiar auzo marjinatuetaraino. Checkpoint-ak zeharkatuko ditugu Zisjordaniako lurralde okupatuak ezagutzeko eta Gazako zerrenda bihurtu den kontzentrazio esparru handian bukatuko dugu.

Fermin Muguruza
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun