Metro Bilbao garraio enpresako teknikariek egindako proposamena aintzat hartuz, gaur hasiko dira Altzagako geltokiko argizuloak kentzen. Ondoko zabalgunea egokitzeko obrekin jarraituko dute, horrela. "Desmuntaketa trenak dabiltzan bitartean ezin daitekeenez egin eta, are gutxiago, zerbitzua geldituz", gauez izango dira lanak, gaur, 23:00etatik aurrera, Erandioko Udalak zehaztu duenez. Tokiko agintarien hitzetan, "kasurik txarrenean, hiru gau emango dituzte argizuloak kentzen". Hala ere, "gau bakarrean" egin daitekeela uste dute. Kontua da, "euririk ez duela egin behar", udal arduradunen arabera. "Eguraldi iragarpena alde omen dugu", gaineratu dutenez. Gauzak horrela, atari eta establezimenduetan kartelak jarriz ohartarazi diete lanez kaltetuak izan daitezkeen auzotarrei. Ildo horretan, obrek eragin ditzaketen eragozpenengatik, zaratengatik gehien bat, barkamena eskatu die jada bizilagunei Erandioko Udalak. Argazkian ez bezala, guztiz altxatuta dago metro geltoki ingurua, Altzagan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!