Leioa eta Erandioko campusean, "duela egun batzuk agertu diren ETAko presoen argazkiak eta pintaketak berehala kentzeko agintzea" eskatu dio Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreari Rosa Diezen
Union, Progreso y Democracia alderdiak,
Europa Press albiste agentziak (espainolez) zabaldu duenez. Halaber, joan den ostegunean, urriak 22, "ETAko presoen aldeko
manifestazioa" egiten utzi izana aurpegiratu dio unibertsitateko buruari UPyDk. Horri helduz, "utzikeriaz" jokatzea leporatu dio Goirizelaiari Gorka Maneiro legebiltzarkide Espainia zaleak, prentsa ohar baten bitartez. Bere hitzetan, "beste albo batera begiratzea nahiago" du EHUko errektoreak, "indarkeria zaleak nahierara dabiltzan bitartean". Gauzak horrela, argazkiak kentzeko zein "terrorismoari gorazarre egiten dion gertaeraren bat ematen denean" Ertzaintzari deitzea exijitu dio Goirizelaiari Maneirok, "campus barruko segurtasun eta ordena bere ardura izanik, errektoreari dagokiolako poliziari deitzea". Argazkian, Ertzaintza EHUn aurreko batean.