Plentziako ezker abertzaleak zabaldutako oharra:
Plentziako haur eskola berriaren eraikuntzan zehar eman diren irregulartasunak salatu nahi ditugu:
- Lanaren hasiera-epearen atzerapen nabaria: 2008. urtean haur eskola eraikitzeko 500.000 euro baino gehiagoko aurrekontua onartua egon arren, uda honetara arte ez dira obrak hasi; honen ondorioz, irekiera eta eman beharreko zerbitzua atzeratzen direlarik.
- Proiektuan herritarren parte-hartze falta: Bai guraso elkarteak, bai eskolako irakasleriak, proiektuan parte-hartze zuzena eskatu zuten. Kasu bietan eskaerak ez ziren kontuan hartu. Jasangaitza da udal taldeak prozesu osoan zehar mantendu duen jarrera: batetik, auzotarren edozein iradokizuni ez entzunarena egiten, bestetik herriko erakunde edo alderdi politikoen nahiei muzin eginez.
- Plentziako haur eskolako behin betiko proiektu honek, espainiar estatuaren eskutik, “E Plana”ren barne dagoen diru-laguntza jaso du. Plan hau herrian bertan lanpostuen sorkuntza bultzatzeko plana da, lekuan lekuko udaletxeak bideratu behar duena. Baina Plentziako langile bat bera ere ez da lan honetarako kontratatua izan, nahiz eta gure taldeak behin eta berriro eskatu izan duen.
Guzti honetaz gain, proiekturako adjudikatua izan zen enpresak, Alemaniako beste enpresa bat azpikontratatu zuen eta honek, bere langileria ekarri zuen.
Gure herriak gaur egun jasaten duen langabezi tasa oso altua dela kontuan harturik, udaletxeak egin duen kudeaketa lotsagabe hau, guztiz salagarria dela deritzogu.
- Udal gobernuak enpresa pribatuaren interesei lehentasuna eman die, eraikuntza lanetatik gertu bizi diren auzokideen ondasunak alde batera utziz: auzokideek enpresa eta udaletxea salatu dituzte beraien bizi ingurunea bortxatzeagatik baimenik gabe eraikinean elektrizitate-kable bat jarriz.