Ez da lehenengo aldia Eusko Legebiltzarrean presoen ikasketez eztabaidatzen dela. Orain aste bete EAJk eta EAk aurkeztu zuten proposamena. "Estatuko kartzeletan dauden presoei EHUn matrikulatzeko aukera berma dezan", Espainiako Gobernua presatzea eskatzen zuten alderdi biek. PSE-EEk eta PPk, ordea, eurek aurkeztutako ekimena aurrera atera zuten, Gasteizko ganberan daukaten gehiengoa baliatuz. Leioa eta Erandioko campuseko presoen argazkiekin ez bezala, abstenitzea erabaki zuen UPyDk. Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarraren ustez, "beharrezko baldintzak betetzen ditu eta behar besteko bermea du" UNEDek, Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitateak, "presoen euren ikasketak egin ditzaten", Europa Press albiste agentziak (espainolez) jaso bezala. EAJ, Aralar, EA eta Ezker Batuak horren aurka bozkatu zuten.
Ez da kontu berria
Espainiako Auzitegi Gorenak apirilaren 27an ateratako epaiaren bidez bertan behera utzi zuen Euskal Herriko Unibertsitateak 2004ko urriaren 28an onartu zuen presoen ikasketak arautzeko protokoloa. Hurrengo egunean, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztuko zuela adierazi zuen Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Ebatzitakoaren arabera, Frantziako espetxeetan dauden presoei ere EHUn ikasketak egiteko aukera ezeztatzen zien Gorenak. Auzitegi horrek aintzat hartu zuen EHUren protokoloa ontzat jo zuen EAEko Justizia Auzitegiaren epaiari Estatuko Abokatuak jarritako helegitea. Horretarako, unibertsitateak eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hitzarmenik sinatuta ez dutela argudiatu zuen auzitegiak.
Izan ere, 2003-2004 ikasturtean, Askatasunaren Aldeko Irakasleen Plataformak Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuaren presidenteari eskatu zion Espetxeetako Lege Orokorra aldatzea, EPPKren presoak EHUn ikastea ezinezko bihurtzeko. Plataforma hori Gotzone Moraren, orduan Getxoko PSE-EEko zinegotzia eta EHUko katedraduna, inguruan sortu zen eta bera izan zen bere bozeramailea eta presoek zituzten ustezko "pribilegioen" salatzaile mediatikoa. Handik aurrera ikasketa guztiak UNEDen bitartez egin behar izan ziren, nahiz eta hainbat ikasketa bertan ezin burutu eta euskara ezin erabili. Manu Monterok eta Juan Ignacio Perez Iglesiasek Espetxeetako Zuzendaritzarekin hitzarmena berregiten saiatu ziren, beti ezetza topatu zutela. Azkenean, 2004ko urriaren 28an EHUk protokoloa onartu zuen eta 2005eko martxoan Frantziako espetxeetan zeuden 57 presoren matrikulazioekin ekin zion berriro lurralde hartan ikasketak emateari; Auzitegi Gorenak protokoloa bertan behera utzi zuen arte.
Ezin eskolarik eman
Kartzela barruan egonda baino, seguru asko, ikasgelan bertan eman nahiko lituzkete eskolak ikasteko gogoak geratzen zaizkien presoek. Bide horretan, "Errepresaliatuak Leioako campusera" lelopeko pankartak gidatu zituen, joan den ostegunean, manifestazioa egin zuten 125 ikasleak. Presoek eskolarik jaso ezin, baina badago eskolarik eman ezin duenik. Oraindik orain preso jarraitzen dute Jexuxmari Zalakain eta Karmelo Landa campuseko irakasleek. Azken horren kasua "bidegabeko atxiloketatzat" dauka Nazio Batuen Erakundeak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak joan den astean jakinarazi zuenez. Salaketa, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen aldeko Espainiar Elkarteak tarteratu zuen, Landaren erreparazio publiko eta berehalako behin behineko askatasuna ezartzen duelarik. Nazio Batuen Erakundearen baitan atxiloketa arbitrarioen inguruan aritzen den lan taldeak kasu zehatzaren azterketa burutzen du, atxiloketa inkomunikatuaren aplikazio berak sortzen duen ardurarengatik; "problematikotzat" jotzen duen Auzitegi Nazionalaren terrorismoaren aurkako gaien inguruan duen konpetentzia esklusiboaren ikuspegitik; eta Estatu parteak "terrorismo" terminoaren gero eta irakurketa zabalagoa egiten duenaren aldetik.
Modu zehatzean eta lantaldeak berak aipatzen duen moduan, "Landa Mendiberen aurka Espainiar Gobernuak aipatu duen akusazio bakarra, delituzko edo terrorista izaera duen zuzendaritza egitura eta ataletan (Batasunaren Mahai Nazionala) ustezko parte hartzea, bultzatzaile lanak egotzi gabe". Lantalde honen iritziz, pertsona horren aurkako erruztatze horren atzetik Batasuna legez kanpoko alderdi politikoan bere lana baino ez dagoela, eta egitate hori ez da berez delitua.
Horretaz gain, honakoa gehitzen du: "alderdi politiko batean lanean edo zuzendaritzan aritzea, alderdi politiko hura legala edo legez kanpokoa izan, jarduera zilegizkoak dira eta elkartze eskubidearen, eta adierazpen eta iritzi askatasunaren adierazpen edo zeinu ukaezinak".