Hilero bezala, bihar iluntzerako, urriko azken ostiralerako alegia, hainbat kontzentrazio deitu du
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak, Euskal Herri osoan. Uribe Kostan eta Erandion bederatzi hitzordu izango dira: Armintzako bus geltokikoa kenduta, 19:30ean izango dena, 20:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak herrietan. "Gerra zikina eta errepresio politika" salatzeko baliatuko dituzte horiek, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Gainera, azken ostiraleko mobilizazioaren barruan, Bisi Unanue zenari omenaldia egingo zaio, bihar bertan, Algortan, ezker abertzaleak deituta. Hitzordua 20:30ean jarri dute, Telletxe plazan, aurreko kontzentrazioaren ostean. Uribe Kostako AAMk azaldu duenez, "Bisi irailean hil zen, gaixotasun baten ondorioz. Algortako abertzaletasunaren erreferentzia izan da urte askoan: indarra eta kemenaren irudia izan da herrian. Erbestea eta espetxea ere ezagutu izan ditu, baina beti askatasuna lortuko bada aurrera egiteko aldarria zabaldu du gure artean". Elkarretaratzeen ondoren, taloak egingo dituzte Algortako Amnistia, Berangoko Sei Herri, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Leioako Kurkudi tabernetan. Argazkian, Bisi Unanue zenaren omenaldia iragartzeko kartela /
Etengabe.