Herrizaingo Sailean kontratu laborala duten sukalde, irakaskuntza, administrazio, osasun, mekanika, aholkularitza eta informatika beharginek kontzentrazioa egingo dute bihar Erandio Landako Ertzain-hirian. ELA sindikatuak deituta, hitzordua goizeko 11etan jarri dute, bertako eraikin nagusiaren barruko patioan,
"Deia" egunkariak zabaldu duenez. Ekimen horren bidez, Rodolfo Aresek kolektibo horren aurka egin berri dituen deklarazioak eta hartutako neurriak erantzungo dituzte. Izan ere, urtea bukatzean kolektibo horren partaideei dagozkien lan orduak bete ezean soldata murriztuko ziela iragarri zuen sailburuak. Ondoren, Giza Baliabideen Zuzendaritzak horren agindua komunikatu zien 500 bat langile laborali. ELAren aburuz, Aresek zabaldu dituena "gezurrak eta faltsukeriak" baino ez dira, "alferrontziak garela irudikatzen baitu". Sindikatuak dioenez, ordutegia "betetzen du gehiengoak". Biharko elkarretaratzeaz gain, langileek barne sinadura bilketa bati ekingo diote, Giza Baliabideetako zuzendariak eta Aresek berak atzera egin dezaten. Argazkian, Rodolfo Ares sailburua / ©
Ertzaintza.net.