"Harrobia" talde zurigorriaren inguruko saioa Zihara Aranbarrik aurkeztu eta zuzenduko du. Gainera, futbolaren mundua ederki ezagutzen duten mahaingurukideak izango dira astero. Horrezaz gain, Athletick-en jokalariak ere elkarrizketatuko dituzte, platoan bertan nahiz futbol zelaian. Lehendabiziko saioan, Manix Mandiola entrenatzailea, Itziar Gurrutxaga Athletick-eko jokalari ohia, eta Manex Altuna eta Ager Sardui kirol kazetariak izango dira mahaingurukideak. Baina, gonbidatu berezia izango da ere estraineko programa horretan, Athletick-eko jokalaria den Koikili Lertxundi joango baita Hamaika Bilbo telebistako platora.
"8garren kalea"
Saio hori dokumental eta erreportaje tankerako ordu erdiko programa bat da. Saio bakoitzean, gai ezberdin bat landuko da sakontasunean. Lehenengo saioaren gaia Bilboko Erriberako merkatua izango da, merkatu horren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruan hitz egingo dute; bertan erosten dituztenen iritziak, merkatarien kexkak, obren inguruan sortutako polemika, eta abar jasoko ditu estraineko erreportaje horrek. Gainontzeko saioetan honako gaiak landuko dira, besteak beste: Bilboko bustoak, Euskalduna ontziola, Bilbon euskaraz bizi, Olentzero,…
Bilbo Hiria irratia... telebistan
Hamaika Bilbo telebistan goizero emititzen duten goizeko zerbitzu programazioan Bilbo Hiria Irratiak eskaintzen duen goizeko magazina sintonizatuko dute. Hala, goizeko zerbitzu programazioa ikus daitekeen bitartean, Bilbo Hiria irratiak 9:00 eta 11:30 bitartean eskaintzen duen magazina entzun ahal izango da telebistan bertan astelehenetik ostiral arte. Magazine horretan, hiru esatarik eguneroko gaiak eta gizarte eta kultur gaiak jorratzen dituzte.
Hamaika ikusteko jaioak gara
Egun Hamaika Bilbo telebista, Uribe Kosta eta Erandioko oso leku zehaztetan ikus daiteke, Lurrralde Telebista Digitala soilaren bidez. Euskalteleko bezeroek, berriz, eskualdeko edozein lekutik ikus dezakete telebista euskaldunaren programazioa, beti ere Euskaltelek LTDrako erabiltzen duen dekodifikadore berezia erosi izanaren kasuan. Beste guztiek Hamaika Getxo telebista eta Hamaika Mungialdea telebista garatu arte edo telebista interneten bidez eskaini arte itxaron beharko dute.