Indabadarako txartelak eskuratu ahal izango dira tokian bertan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 30a, 20:27

Orain dela pare bat aste jarri zituzten salgai bihar ospatuko den Algortako X. Indabada Mundialerako 400 txartel eta aste honen hasieran jada agortuta zeuden. Gauzak horrela, Algortako Gazte Asanbladak jakinarazi du txartel gehiago daudela eta horiek egunean bertan jarriko dituzte salgai, goizeko 11etatik aurrera. Hortaz, bazkaldu nahi duenak goiz jaiki eta zazpi euro atera beharko ditu. Bestalde, 11etan ere hasiko da Koska irratiak Indabadari buruz egingo duen irratsaio berezia. Bertan, elkarrizketak, lehenengo ediziotako istorioak, antzinako audioak eta zuzeneko jarraipena izango dira, 12:30ak arte. Gainera, bihar ez da edozein Indabada izango, hamargarrena izateaz gain hasieratik antolakuntzan ibili den Lander Labajo algortarra espetxetik kaleratuko baita. Azkenik, gaur AGAko gazteek azpiegitura azken lanak egiten dihardute bihar egitarau osoa ongi atera dadin. Argazkian, orain bi urte inoiz baino lagun gehiago batu ziren Indabadan, 600 bat pertsona.

Babajana eguna 11:00etan abiatuko dute, diana, sagardo txotxa eta ekitaldiarekin, gero bazkari herrikoiarekin jarraitzeko. Tartean, aizkolari gazteen erakustaldia ere egongo da, 12:00etan, berrikuntza gisa. Sabelak bete ondoren, zozketak, kantak eta enkantea izango dira, bazkalostea animatzeko; baita Arkaitz Estiballes, Fredi Paya eta Etxahun Lekue bertsolarien "Hudaltzainak" ikuskizuna ere. Plaza ganoraz bildu eta atondu ostean, txikiteoaren ordua helduko da, Errerre Txaranga Band taldeak alaituta, baita herriz aldatzeko tenorea ere, jaialdiak Getxoko Txorimalo gaztetxean jarraituko baitu, urteroko gaupasa dela medio.

Algortako Gazte Asanbladak 10 urte daramatza lapikoak "indabaz, imajinazioz eta errebindikazioz" betetzen eta herria elikatzen. "Urtero hasiz joan den egun honek beti izan du herria protagonista. Gazteok herri giroa suspertzeko egindako eguna, gure gustu eta nahietatik sortua. Beti herritik herriarentzat filosofia jarraituta", AGAk adierazi duenez.

Hona hemen egitaraua:

11:00 Diana, Agurra dantza taldeko txistularien eskutik.
12:00 Txotx eta aizkolari gazteen erakustaldia.
13:30 Ekitaldia.
15:00 Bazkaria, kantuak, enkantea...
17:00 "Hudaltzainak" ikuskizuna.
20:00 Poteoa Errerre txarangaren eskutik.

... eta azkenik gaupasa Txorimalo gaztetxean!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun