Dena dela, "benetan harrera beroa izan zen, hunkigarria eta indartsua era berean" izan zen AAMren aburuz. Lander iritsi orduko lagunak inguratu, besarkadak hasi eta "maitasun eta indar ikaragarria" transmititu zien Landerrek berarekin bat egin nahi izan zuten guztiei. Hainbeste jenderen artean, agurrak, besarkadak eta presoen aldeko oihuen artean, pixkanaka, harrera ekitaldiari hasiera eman zitzaion: ohorezko aurreskuaren ostean indabadaren zapia jarri zion gazte batek eta berarekin preso izandako baten amak loreak eskaini zizkion.
"Antikapitalismoa beti!"
Orduan, bertsolarien txanda izan zen: zortzi bertsolarik bertso bana kantatu zioten. Kukutxako gaztetxekoak bertara agertu eta zurezko ukabila oparitu zioten; Andra Mariko auzokideen elkarteko kideek Labajok egindako lana goraipatu zuten eta opari bat egin zioten; Txorimalo gaztetxekoek Landerrek gaztetxean izandako eragina gogoratu zuten; Amnistiaren Aldeko Mugimendukoek aipatu zuten "euskaldunak izan, libre bizitzeko eta justizia sozialaren alde jarduteak gure bizitzari zentzua ematen diola, baina askotan ondorio gogorrak ere izaten dituela", eta zentzu horretan elkartasunaren garrantzia azpimarratu eta egun pozgarria izanda ere oraindik kartzelan diren herritar guztiak gogora ekarri eta guztiak kaleratu arte borrokan jarraituko dutela agindu zuten.
Orduan, Lander Labajoren txanda iritsi zen. Oso hunkituta, holako harrerarik ez zuela espero esan zuen, eta eskerrak eman zizkien bertan zeuden guztiei. Antolatu beharra azpimarratu zuen, erakunde politiko, sozial, kultural eta bestetan, "herria egin geuk egiten dugulako, ez besterik. Indarra, daukagun indarra" bertan "begi bistan" zegoela. Borroka antikapitalista eta antisistema aldarrikatu zuen, herri-borroka. Eta herriko presoak gogora ekarri zituen azkenean, denak kalean behar ditugula esateko, oso hitzaldi indartsu eta hunkigarrian, behin eta berriro etenda bertan zeudenen txaloez eta oihuez. Presoei zuzendutako “maite zaituztet” oihuarekin amaitu zituen bere hitzak. "Eusko gudariak" abestu ondoren, Errerre elektro-txarangakoek kanta batzuk eskaini zizkioten, agur eta besarkada gehiagoren ostean tabernako argazkia kendu eta amorru biziaz apurtu egin zuen, zeremoniari amaiera eman eta kaleko bizitza egoera berrian bertan zeuden lagunekin batera gauari bidea egiteko.