Larunbatean, urriak 31, dozenaka lagun bildu ziren orain 40 urte Polizia Armatuak hildako gazte astrabuduarraren izena jarri zioten plazan, Josu Murueta bera eta Anton Fernandez altzagarra gogoratzeko asmoz. Kutsaduraren kontrako manifestazioen harira, gogor egin zuen Francoren poliziak manifestarien aurka, eta bi lagunak hil eta zauritu ugari eragin zituen. Hala ere, 40 urte igaro direnean, gertaeren erantzuleak nortzuk diren ere ez dela argitu salatu zuen, egindako ekitaldian, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Jokin Revillak. Ofizialki, Murueta eta Fernandez ez dituzte onartu frankismoaren biktima gisara. Revillak, ordea, argi adierazi zuen, "bion bizitzarekin amaitu zuten pistolak, indarrez, Francoren erregimena eta probetxu ekonomikoa defendatzen zuten horiek zeramatzatela". "Azken hori, guztion osasunaren kontura", gaineratu zuenez. Izan ere, Erandio fabrikez inguratuta zegoela, herritarrak "aire garbiagoa" eskatzeko mobilizazioak egiten ari zirela hil zituzten Murueta eta Fernandez. Argazkian, erandioztar bien senideak hereneguneko omenaldian / Ahaztuak 1936-1977.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!